top of page

Konpromisoak hartu eta euskara erabiltzeko deia

Mirari Altube

29 nov 2021

'Ixotu euskeria!' leloarekin, Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 2an ospatuko da Aretxabaletan; ekitaldi xumea egingo dute, udaletxe zaharrean. Hurrengo egunean, ikastetxeek egingo diete keinua egunari, baina ekitaldiak barruan egingo dituzte

Paparrean jartzeko txaparik ez dago aurten, baina euskararen aldeko konpromisoak hartzeko edozein egun da aproposa. Horren jakitun, Ixotu euskeria! deia egin die aretxabaletarrei euskara sustatzeko ekintzak antolatzeko sortutako lantaldeak, eta datorren eguenean, abenduaren 2an, udaletxe zaharraren atarian (18:30) egingo den ekitaldi xumera gonbidatu ditu.

Konpromisoak eta kandelak
Herriko hainbat elkartek eta eragilek jaso dute gonbidapena eguenerako. Euskararen aldeko konpromisoak hartzeko pizgarri izan gura du dei horrek eta horiek jendaurrean adieraztera gonbidatu dituzte. Ekitaldia aretxabaletar guztiei dago zabalik, euskaraz jakin edo ez. "Herritar oro gonbidatu gura dugu euskararekiko konpromiso bat hartzera; norberaren gaitasun eta gogoaren arabera, noski, baina seguru guztiok dugula zerbait esateko", adierazi dute batzordeko kideek. Kandela isiotuta irudikatuko dute konpromiso hartze hori, udaletxe zaharra argiztatuta, eta txokolate beroarekin goxatuko dute ekitaldia.

Ikastetxeek, barruan
Herriko ikastetxeek abenduaren 3an egingo diote keinua egunari, baina ekitaldi gehienak barruan eginda. Kurtzebarri eskolako neska-mutikoek hainbat bisita izango dituzte: astelehenean, Goazen telesaileko hainbat kiderekin jardungo dute, online; martitzenean, Potx eta Lotx pailazoekin elkartuko dira; eta eguaztenean, Haimar Arejita, Gatibu taldeko gitarra-jolea, izango dute kontu-kontari. Egubakoitzean, ostera, Mihi-Kurtze lehiaketaren finala jokatuko dute, eta gaztainak jango dituzte. Kurtzebarri institutukoek, ostera, sentsibilizazio saio bat izango dute euskararen gainean hausnartzeko, piropo lehiaketa egingo dute, eta euskal musikaren gaineko bingoa ere bai, besteak beste.

Arizmendi ikastolan ere dagoeneko hasita daude girotze lanekin. Basabeazpi gunean, Ixotu euskeria lelopean hasiko dute eguna; antzinako jolasak egingo dituzte, tailerrak ere bai, eta, bukatzeko, txorizo muturtxoa jan. Almenen ere tailerrak izango dituzte, eta txistor mokadutxoa. Gainera, Arizmendiko gune guztietan egingo dute giza mosaikoa, dantza bateratua eta manifestu irakurketa.

bottom of page