top of page

Euskararen etorkizun osasuntsu eta jasangarrirako bidean

Jon Iziar Aranguren

18 nov 2021

Pasa den asteartean bildu zen, legealdi honetan bigarren aldiz, Euskararen Aholku Batzordea; euskararen normalizazioa helburu, erakunde zein eragile desberdinetako 26 adituk osatzen duten bilgunea da. Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak azaroaren 2an onartutako Euskararen Agenda Estrategikoa 2021-2024 plangintzaren aurkezpena izan zen, oraingoan, bileraren zioa.

Legegintzaldi honetan hizkuntza politikaren lan-ildoak zein helburu estrategikoak zehazten dituen dokumentua da aipatutakoa. IƱigo Urkullu Lehendakariak hitzaurrean adierazi zuenez, "euskararen etorkizun osasuntsu eta jasangarriak, nahitaez, ahalegin planifikatura behartzen gaitu", eta "iraganeko eta gaurko hizkuntza, gurea, etorkizuneko hizkuntza ere" izan dadin, "herritarren eta multzoen arteko elkartasunezko loturak zaintzen eta indartzen" dituen estrategia definitzen da Euskararen Agenda Estrategikoa 2021-2024n.

Lau helburu, hamar lan-ildo
Agiriak lau helburu estrategiko definitzen ditu: herritarren euskararen ezagutza eta erabilera handitzen jarraitzea, herritarren hizkuntza eskubideen bermean aurrera egitea eta euskararen lurralde guztietan erakundeen arteko lankidetza sendotzen jarraitzea. Horien baitan, hamar lan-ildo definitzen dira; besteak beste, helduen ikaskuntza-egitasmoa sendotzea, sektore publikoan eta ingurune digitalean euskararen erabilera handitzea, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea edota hizkuntza politika garatzeko adostasunak lantzea.

Astearteko aurkezpenaren ostean, herritar guztiek dute ikusgai Euskararen Agenda Estrategikoa 2021-2024 dokumentua Eusko Jaurlaritzaren webgunean.

bottom of page